Artxiboa Sailkatugabeak

Tigrina

Etiopiako hizkuntza ofiziala amarikoa da; amariña, beraiek esango luketen moduan. Hamahiru hizkuntza ezberdin topa ditzakegu Etiopia osoan. Gu izan garen iparraldeko eskualdea, kulturalki aberats eta zaharrenetariko bat izanda, berezko hizkuntza daukan eskualdeetako bat da. Tigraien tigriña hitz egiten da beraz. Guk inglisiña hitz egiten genuen…

Eskolak ingelesez izanik eta kalean eta etxean tigrina hitz eginez, askok ez zekiten amarikoa. Guretzat bai bata, baita bestea ere ulergaitzak ziren lehenengo egunetan.

Mutiko batek erakutsi zizkidan lehenengo bi hitzak beraiekin lanean ari ginela: Tatanka = kontuz! eta Beka = bale! Ez nuen ulertu egun batzuk berandugorarte zergaitik ez zidan “kaixo!”, “zer moduz?” edo antzekoren bat erakutsi. Ondoren, gehien erabili nituen hitzak izan ziren!

Gurekin batera Saint Mary-n boluntario gehiago zeudela aipatu dugu: horietako batek sei hilabete Wukron pasatzeko asmoa zuen. Berarekin batera Beke-ri hizkuntza erakusteko eskatu genion. Egunero klase bat izaten genuen, baina ez genituen bi aste baina gehiago iraun! Benetan balio eta axola zuten hitzak, esaldiak… kalean ikasten zirela ohartu ginen, gramatika egokiak ez duela gehiegi balio.

Beke, bere arrebaren dendan, udara osoan lan egin zuen lekua.

Dena dela egiturak eta antzekoak nolakoak diren ikasteko balio izan zigun. Erdaldunei ez zitzaien buruan sartzen artikulorik ez egotea, neska edo mutila izan atzean gehitzea hitzari edo aditzari… noizbait esan ziguten euskarak eta tigrinak soinu antzekoa daukala. Eta tigrinoz entzuten zigutenean kidetasun irrifarra agertzen zitzaien denei aurpegian.

Hemen “usefull vocabulary” bezala izendatutakoaren zati bat:

Eskerrik asko: yakenele. ondo: tzubuk. polita: shukorina. zer moduz?: dejando. zenbat da?: kendai yu?. kafea: buna. tea: shaji. asko: betahami. goxoa: tuhurm. ogia: ambasha. ura: mai. gutxi: nixte. bai: ixxi. ez: aikonen. barkatu: yekerta.

Iruzkinak

Ezkontzak

Festa egunak ere egiten dituzte, nola espotu ez dutenek, beti baitago zer ospatu!

Esfortzua egiten omen dugu guk ezkontza ospatu eta honek dakartzan gastuei aurre egiteko. Berdin gertatzen da Wukron, baina hauentzat esfortzua ez da zubian eskiatu gabe geratzea edo astebururo etxetik kanpora afaltzeari uko egitera. Esfortzuan alde batera uzten dituztenak behar beharrezkoak dira, eta hala ere, ziur nago, ikusi ez baditut ere, beren irribarrerik honenarekin ospatuko dituztela. Beren azal beltzarekin kontrastea egin eta hain ederrak diren irribarre horiekin.

Bi asteburutan ospatzen dira. Neskaren etxean lehenengo eta urrengo asteburuan mutilarenean (gaizki gogoratzen ez badut). Bertara, urrutiko familiarrak ere joaten dira, kilometro luzeak oinez egin ostean, egun hauek etxekoekin ospatzeko. Tigray eskualdeko jantzi bereziekin jazten dira, goitik behera zuriz neskak eta ilea trentzekin ongi orraztuta, eta mutilak ere beren alkandora bereziak eta mantak jazten dituzte.

 

Etxean ospatzen dituzte beraz, baina bertara mutilak neska zaldian ematen du eta askotan festak egun osoa eta gau osoa irauten omen du. Bueltatzeko gogoa arrazoitzen duen, ikusi gabe utzitako bat da hau. Ziur mereziko lukeela!!

Iruzkinak

Merkatua

Ostegun goizetan izaten da. Inguruko herriska guztietako nekazariak joaten dira Wukrora eta bakoitzak aste osoan zehar lortutakoa eskaintzen du “bir” batzuen trukean.

Plaza moduko leku txiki batean elkartzen dira guztiak. Lurrean eserita gogoratzen ditut, bata bestearen alboan kaleska txiki modukoak osatuz. Saldu beharrekoa aurrean eta aterkia gainean, euritik nahiz eguzkitik ordu luzeetan babesteko asmotan.

Inguruan aurkitu daitekeen guztia topatu daiteke merkatuan. Erropa, jakiak, ontziak, zapatak, burdinezko tresnak, jaboia, animaliak, aipaingarriak, pitxiak… Harrigarria bazirudien ere, lehenago aipatutako kaleska estuen kaosean, ordenatua zegoen salgai zegoena. Ilara bakoitzak zerbait ezberdina eskaintzen zuen, baina topatu zitekeen gauza baokitza leku berdinean zegoen.

Emakumeak dira gehiengo nagusia. Beraiek ematen dituzte pisuak batera eta bestera gainera. Animaliak ere, egunerokoan baina gehiago ikusten dira: batzuk saltzeko asmoarekin eramanak eta besteak pisua eramaten laguntzeko.

Azken urteetan Wukrok jasan duen hazkuntzak merkatuan eraikin finko batuzk sortu ditu. Astean behin egon beharrean egunero irikitzen dituzten postuak. Ez dira dendak bezain sendoak, baina txapazko eraikuntzak itzala eta aterpea ematen du.

Iruzkinak

Buna

Colonbia, Costa Rica… Hego Ameriketako izenak dira nagusi kafearen jatorriaren inguruan galdetzen denean. Starbucks eta antzeko kafe marka haundiek badakite hala ere, Etiopia kafe esportatzaile haundia dela.

Baina bertakoengan, garrantzia ekonomikoa baino kulturala du. Ospakizun haundia da kafea egitea. Egunero hartu ezin duten pribilegioa delako agian, baina gainerakoei esker ona adierazteko modua delako ziurrenik.

Kafeak esker ona adierazten du beraz, garrantzitsua zarela haientzat. Kafea hartzera gonbidatuta ezin eman daiteke ezezkorik. Ez da hemen kafea hartzeko geratzen gareneko hitzordua bezalakoa, bi edo hiru ordu ere iraun dezake.

Prozesu luzea da: kafea tostatu, kea usaitzeko aukera eman, kafea txikitu, kafea irakin… hori guztia aldez aurretik prestaturiko estenatokian. Beharrezkoak dira lurrean belar batzuk, labe txiki moduko bat, kafea txikitzeko tresnak eta jateko zerbait. Taza eta kutsarilla kopuruak ez du axola aldiz. Izan ere, etxe gehienetan hiru-lau taza eta kutsarilla bakarra aurki daitezke: batek amaitzean, besteari utzi; elkarbanatzea bezalakorik ez dago.

Hiru kafe hartu behar dira, bakoitzak bere esanahia du eta tartean jateko zerbait eskeini ohi da. Arruntena palomitak jartzea da, hala ere, aberatsenek ogia edo galletak ere eskaintzen dituzte. Dena gonbidatuarentzat izaten da, asko insistitu behar zaie beraiek ere ospakizunean parte hartu dezaten.

Eta denetan garrantzitsuena, giroa: inziensoz inguraturik, hizkuntza ezberdinetan hitz egiten dutenen arteko elkarrizketa luzeak, abestiak, jolasak edo dantzak. Edozer balio du haiek guri ere axola zaizkigula adierazteko!

Iruzkinak

Lehen munduaren ikuspuntua

Eta egindako lan guztiak, beren bizi-baldintzak hobetzeaz gain, baditu beste ondorio batzuk ere. Aipatutako egoeran, bi gizarte guztiz ezberdinek egiten dute talka, kontrakoa diren bi bizimoduk. Hasieran aipatu dugun moduan, kooperazioak eragiten du, baina kontuan izan behar dugu, geure presentziak ere eragiten duela beraiengan.

Duela oso gutxi izan dute Lehen Munduaren berri, pixkanaka beraienera ere iristen ari diren komunikabideen bidez. Dituzten irudiak ez dira errealak. Futbol talde eta hauen jokalariez gain, Beyonce, Shakira eta Britney Spears ezagutzen dituzte. Ahalguztidunak gara euren begitan. Saltzen zaienaren arabera, geurea baita aurrera egin ahal izateko eredua eta bertan zoragarria baita dena.

Ezin dute sinistu, gure gizartean badirela behartsuak, arazo sozial larriak daudela eta jendea, ez dela zoriontsu. Euren begitan geure aberastasuna mugagabea da, izan ere, munduaren ertz batetik bestera bidaiatzen duen jendea ezagutzen dute, beraietako asko, kotxez ordubeteko bidaia besterik ez den Makelle-ra (Tigray-ko hiriburua) inoiz iritsiko ez direnean. Inork ez die inoiz kontatu lapurretak egon ohi direla “dena” dutenen gizarteetan, kaleak ez direla seguruak eta gauza gehiago izateak, hauek galtzeko beldurra eragiten duela, mesfidantza eta inbidia.

Badela bakarrik sentitzen den jendea, beraienean pentsa ezinezko egoera.

Iruzkinak (1)

Hezkuntza

Wukron ezagutu genituen haur guztiak eskolarizatuak zeuden. Angelen proiektuan parte hartzen duten gazteei, laguntzen ordez klaseetara joan daitezen eskatzen zaie.

Eskola bat baina gehiago zeuden herrian. 16 urte ingururekin amaitzen zituzten nahita nahiezko ikasketak eta ondoren unibertsitatera joan nahi izanez gero, urteren bat edo beste gehiago egin behar zuten.  Baziren hemengoen moduloen antzekoak ere eta haietan, lanbide ezberdinak ikasten zituzten. Dena dela, unibertsitatea ez bazen ere bi urte baina luzeagoak ziren ikasketa hauek.

Hamar urteetatik aurrerakoek gutxi gora-behera ingelesez egiten dituzte ikasketak. Gogora dezagun, Etiopiako hizkuntza Amarikoa bada ere, eskualde honetan Tigriña hitz egiten dela. Atzerriko hizkuntzan ikasketak burutzearen arrazoia, bertako hizkuntzan idatziriko material pedagogikoen falta da. Behar hau, ez dute lehenengo urteetan bakarrik, unibertsitateetan ere ez dute ez Amarikoz ez Tigriñaz idatzitako libururik.

 

Angelek sortutako goi mailako nezkazal ikastetxe bateko gela bat

Uda honetak gure eginbeharretako bat, inguruko gazteei eta umeei ingeleseko klaseak ematea izan da, lehenago aipatua dugun moduan. Egunean bi klase, bata 13-15 urteetako kirolariekin eta bestea 6-8 urteko haurrekin.

Lehenengoek asko ez bazekiten ere, beraiekin ulertzeko gai giñen eta oinarrizko gramatika, hiztegia, entzumena… lantzen saiatu giñen modu dibertigarrian. Txikiek ordea, nahiago izaten zituzten ariketak egin abesti eta antzekoekin ikasi ordez. Boligrafoa eta papera erabiltzea eskatzen ziguten behin eta berriz, koloreetako pinturekin marraztu…

Azken hauekin ohartu giñen, gure zeinuek ez zutela zentzurik beraientzat. Irakurtzen eta idazten ez zekitenez, ezin egin zitezkeen beraiekin zopa-letrak, objetua eta izena batzeko jolasak… beraz, abezedarioa irakasten hasi giñen. Ez zen lan erraza izan, zeinu guztiak modu berean egitea behartzen baikenituen eta ez zuten ulertzen zergatik errepikarazten genien.

Gurekin ikasitakoak, aurtengo ikasturtean baliogarria izango ote zen, ez dakigu.

Iruzkinak

Autoak eta errepiedeak

Badira hara iritsi eta arruntak diruditen gauzak eta bi hilabeteren ostean guztiz harritzen zaituztenak. Behin baina gehiagotan gertatu zitzaidan hori niri!

Nork esan dezake, telebistan botatzen dituzten irudiak ikusi ostean, hirugarren munduko herriska batean kale asfaltatu bakarra eta lau auto egotea arraroa denik? Beren garrantziaz 3 aste inguru igaro ondoren konturatu ginen, Axumera egin genuen bidaian. Egun osoa autoan saltoka, hemen bi edo hiru ordutako ibilbidea izango zenean. Inoiz ahaztuko ez dugun bidaia izan zen hura!! 

  

Kotxean ibiltzeko aukerarik ia ez dute bertakoek. Herriko auto bakarrak misiolariek eta medikuak dituzte eta beren erabilera behar beharrezkoa izan ohi da egun osoan zehar. Gure inguruan bizi ziren haurrei, beharrik gabe autora igotzeko aukera eman genien noizbait. Beren erantzuna harrigarria izaten zen: 20 metroko ibilbidea egin auto bateko atzeko zatian zutik, eta bi astetan egunero egunero etortzen ziren lanera. Zoriontsu eta zortedun sentitzen ziren ibilbide hura egiteko aukera izanda. Askotan kotxea garbitzera ere etortzen ziren. 

  

Azkeneko astean lagun bati gure bidaia kontatzen hasi nintzen. Nola Addisera gindoazen autobusez, ondoren Alemaniara hegazkinez eta bertatik beste hegaldi bat egingo genuen. Bilbora iristean oraindik ordu eta erdiko bidaia nuela kontatu nion. Hark, ibilbide hura nola egingo nuen galdetu zidan eta nik, bi aldiz pentsatu gabe, gurasoak etorriko zirela uste nuela erantzun nion. Orduan gertatu zen niretzat harrigarria dena, hegaldiek eta bidean pasa beharreko gauek herritu ordez, nire gurasoek kotxea zutela entzutean aldatu zitzaion arpegia.  

Lotsa sentitu nuen momentu hartan, etxean auto bat izatea normaltzat nuelako. Eta lagun hura gogoratzen du N1 errepidean auto-ilarak sortzen diren bakoitzean. Eta lehiora atera eta etxe aurreko aparkalekura begira, hark auto kopuru hau inoiz ikusiko ez duela ohartzen naiz.

Iruzkinak

Pertsona biluzia

Angel Olaranek:
“Afrikan Gizadiaren biluztasuna ezagutu dut. Oso lan polita da. Gizatasun biluzia ikutzen duzu. Hemen(lehen munduan) pertsona batekin hitz egitean -salbuespenak daude, noski- ez dakizu pertsonarekin hitz egiten zauden ala erosi duen auto berriarekin, edo 30 urteko hipotekarekin edo izango dituen oporrekin. Ez dakizu pertsona ari zaren ukitzen, edo inguruan dituen baliabide material guztiak. Han(Etiopian) ez dute baliabide materialik, eta pertsona biluzik ezagutzen duzu”.


Wukroko haurrak kaleko harriekin jolasean.

Iruzkinak

Urte berria iristear zegoenean

Etiopian baino hiruzpalau hilabete geroago, urtea amaitzear dago. Duela pare  bat aste, sarrera batean aipatu genuen bezala, Etiopian 2000.urtean sartu ziren, haiek zioten bezala “Milenium”ean. Izugarria izan zen egun horretan- gure egutegiko Irailaren 11ean- egindako festa. Gure itzulera data zela eta ezin izan genuen honetaz gozatu, baina bai honetarako egindako prestaketa guztiez. Bi hilabete baino gehiago zeramatzaten egun hura prestatzen. Guk igarotako bi hilabeteetan zehar edonon ikus zitezkeen “Milenium” hitza zeramaten objektuak: nikiak, etab. baita Wukro herrian ere. Diru asko ez duten arren, herriko haurrek poz-pozik jantzita zeramatzaten kamiseta horiek.
Wukroko neska bat “Milenium”nikiarekin.

Milenium-a baina astebete lehenago ordea, Adis Abeban aurkitzen ginen biok. Etiopia zeharkatuz egindako bidaia eta gero bertan lo egin behar genuen, hurrengo egun osoa hiria bisitatuz pasa eta gau aldean Frankfurterako hegazkina hartuko genuelarik.

Etiopiako kapitalean igaro genuen eguna lehenago Afrikako hiriburu kontsideratzen zen hiri hau bisitatzeko aprobetxatu genuen. Han ibili ginen hirian gora eta behera, “Merkato”, dendak eta kafetegiak kuxkuxeatzen. Ez genuen ez etxera itzuli nahi bertako giroa ikusirik!!!


Biak Adis Abebako estadioan.

 Bagenekien festak, kontzertuak etab. egongo zirela. Gezurra badirudi ere Michael Jacksonen familiarren bat, Beyonce, Shakira,edo estilo honetako lehen munduko hainbat izen entzutetsu izan behar ziren festaren erdigunean gu egon eta astebetera. Baina sorpresa handiena estadio ondoko eserleku batean biak deskantsatzen geundela iritsitako “batukada” modukoa izan zen. Haien artean zangoekin zebiltzan pare bat etiopiar dantzan eta atzetik hainbat hiritar zeuden musikaren doinuak jarraituz. Gu zutitu eta hori ikustera joan ginen, eta hara non topatu genuen txaranga moduko bat danbor, instrumentu eta dantzan zebiltzan neskatxo batzuez osatua.
Zangodunak eta etiopiarrak desfilean dantzan.
Nola izango genuen ba etxera joateko gogoa? Bertan geratu nahi genuen, haientzat hain garrantzitsua zen egun hura ospatzeko, gu bi hilabetetan bete gintuzten lagunekin batera. Gaur ordea, gure familiakoekin ospatzearekin konformatu beharko gara, eta ezin kexatu noski! Baina hala ere, gure lagun etiopiarrei hemendik zera esan nahi diegu: Urte Berri on!

Iruzkinak

Eskailera mekanikoak

Addis Abebako nazioarteko aireportuak ez du bestelako bereizgarririk.

Aireportuak berak bai ordea. Izan ere, bi zatitan banatzen da, hitzak ondo adierazten duen moduan, hesi eta zaintza eta guzti. Zatietako bat nazioarteko hegaldiak daudenekoa da; bestea berriz, “Ethiopian Airlains” konpainia bakarrak nazioan barrena egiten dituen hegaldientzat.

Bien arteko aldea itzela da: hegazkinen tamaina, hegazkinak tratatzeko modua, aireportuaren itxura, honen zainketa, zerbitzuak… metro gutxitan banatzen dira hirugarren mundua eta lehenengoa.

Addisen eguna igaro ostean, Wukrora bidean gindoazela, aireportu “txikian” ezer aurkitu ez genuenez, aurreko egunean iritsitakora joateko saiakera egin genuenean jabetu ginen gu banaketaz.

Hesia igarotzen utzi zigun bertako militarrak pasportea erakutsi ostean, ziurrenik, zuriak izate hutsagatik. Aireportura sartzeko saiakeran berriz, aireportura sartzeko ordaindu egin behar zela adierazi ziguten. Lehenago aipatu bezala aireportu honek ez du nik ezagutzen ditudan gainerakoekin inolako alderik, bai ordea Etiopian aurki daitezken inguruekin.

Aurrerago kontatu zigutenez, aireportu handian eskailera mekanikoak jarri zituztenean, hiritarren denbora pasa eskaileretan gora eta behera ibiltzea bilakatu zen. Hori dela eta, aireportua hiritarrez betea egon ez zedin, sarrera ordainarazten dute ordundik.

Bilboko metroko eskaileretan barrena nabilenean gogoratzen naiz beti pasarte honetaz. Eta udan ezagutu ditudan horiek guztiak, Addisera ere behin ere joango ez direnak, eskailera horietan barrena sentituko luketena imaginatzen jartzen naiz…

Iruzkinak (1)

« Aurreko orrialdea

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5