Artxiboa Martxoa, 2008

Tigrina

Etiopiako hizkuntza ofiziala amarikoa da; amariña, beraiek esango luketen moduan. Hamahiru hizkuntza ezberdin topa ditzakegu Etiopia osoan. Gu izan garen iparraldeko eskualdea, kulturalki aberats eta zaharrenetariko bat izanda, berezko hizkuntza daukan eskualdeetako bat da. Tigraien tigriña hitz egiten da beraz. Guk inglisiña hitz egiten genuen…

Eskolak ingelesez izanik eta kalean eta etxean tigrina hitz eginez, askok ez zekiten amarikoa. Guretzat bai bata, baita bestea ere ulergaitzak ziren lehenengo egunetan.

Mutiko batek erakutsi zizkidan lehenengo bi hitzak beraiekin lanean ari ginela: Tatanka = kontuz! eta Beka = bale! Ez nuen ulertu egun batzuk berandugorarte zergaitik ez zidan “kaixo!”, “zer moduz?” edo antzekoren bat erakutsi. Ondoren, gehien erabili nituen hitzak izan ziren!

Gurekin batera Saint Mary-n boluntario gehiago zeudela aipatu dugu: horietako batek sei hilabete Wukron pasatzeko asmoa zuen. Berarekin batera Beke-ri hizkuntza erakusteko eskatu genion. Egunero klase bat izaten genuen, baina ez genituen bi aste baina gehiago iraun! Benetan balio eta axola zuten hitzak, esaldiak… kalean ikasten zirela ohartu ginen, gramatika egokiak ez duela gehiegi balio.

Beke, bere arrebaren dendan, udara osoan lan egin zuen lekua.

Dena dela egiturak eta antzekoak nolakoak diren ikasteko balio izan zigun. Erdaldunei ez zitzaien buruan sartzen artikulorik ez egotea, neska edo mutila izan atzean gehitzea hitzari edo aditzari… noizbait esan ziguten euskarak eta tigrinak soinu antzekoa daukala. Eta tigrinoz entzuten zigutenean kidetasun irrifarra agertzen zitzaien denei aurpegian.

Hemen “usefull vocabulary” bezala izendatutakoaren zati bat:

Eskerrik asko: yakenele. ondo: tzubuk. polita: shukorina. zer moduz?: dejando. zenbat da?: kendai yu?. kafea: buna. tea: shaji. asko: betahami. goxoa: tuhurm. ogia: ambasha. ura: mai. gutxi: nixte. bai: ixxi. ez: aikonen. barkatu: yekerta.

Iruzkinak

Ezkontzak

Festa egunak ere egiten dituzte, nola espotu ez dutenek, beti baitago zer ospatu!

Esfortzua egiten omen dugu guk ezkontza ospatu eta honek dakartzan gastuei aurre egiteko. Berdin gertatzen da Wukron, baina hauentzat esfortzua ez da zubian eskiatu gabe geratzea edo astebururo etxetik kanpora afaltzeari uko egitera. Esfortzuan alde batera uzten dituztenak behar beharrezkoak dira, eta hala ere, ziur nago, ikusi ez baditut ere, beren irribarrerik honenarekin ospatuko dituztela. Beren azal beltzarekin kontrastea egin eta hain ederrak diren irribarre horiekin.

Bi asteburutan ospatzen dira. Neskaren etxean lehenengo eta urrengo asteburuan mutilarenean (gaizki gogoratzen ez badut). Bertara, urrutiko familiarrak ere joaten dira, kilometro luzeak oinez egin ostean, egun hauek etxekoekin ospatzeko. Tigray eskualdeko jantzi bereziekin jazten dira, goitik behera zuriz neskak eta ilea trentzekin ongi orraztuta, eta mutilak ere beren alkandora bereziak eta mantak jazten dituzte.

 

Etxean ospatzen dituzte beraz, baina bertara mutilak neska zaldian ematen du eta askotan festak egun osoa eta gau osoa irauten omen du. Bueltatzeko gogoa arrazoitzen duen, ikusi gabe utzitako bat da hau. Ziur mereziko lukeela!!

Iruzkinak

Merkatua

Ostegun goizetan izaten da. Inguruko herriska guztietako nekazariak joaten dira Wukrora eta bakoitzak aste osoan zehar lortutakoa eskaintzen du “bir” batzuen trukean.

Plaza moduko leku txiki batean elkartzen dira guztiak. Lurrean eserita gogoratzen ditut, bata bestearen alboan kaleska txiki modukoak osatuz. Saldu beharrekoa aurrean eta aterkia gainean, euritik nahiz eguzkitik ordu luzeetan babesteko asmotan.

Inguruan aurkitu daitekeen guztia topatu daiteke merkatuan. Erropa, jakiak, ontziak, zapatak, burdinezko tresnak, jaboia, animaliak, aipaingarriak, pitxiak… Harrigarria bazirudien ere, lehenago aipatutako kaleska estuen kaosean, ordenatua zegoen salgai zegoena. Ilara bakoitzak zerbait ezberdina eskaintzen zuen, baina topatu zitekeen gauza baokitza leku berdinean zegoen.

Emakumeak dira gehiengo nagusia. Beraiek ematen dituzte pisuak batera eta bestera gainera. Animaliak ere, egunerokoan baina gehiago ikusten dira: batzuk saltzeko asmoarekin eramanak eta besteak pisua eramaten laguntzeko.

Azken urteetan Wukrok jasan duen hazkuntzak merkatuan eraikin finko batuzk sortu ditu. Astean behin egon beharrean egunero irikitzen dituzten postuak. Ez dira dendak bezain sendoak, baina txapazko eraikuntzak itzala eta aterpea ematen du.

Iruzkinak

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5