Lehen munduaren ikuspuntua
Eta egindako lan guztiak, beren bizi-baldintzak hobetzeaz gain, baditu beste ondorio batzuk ere. Aipatutako egoeran, bi gizarte guztiz ezberdinek egiten dute talka, kontrakoa diren bi bizimoduk. Hasieran aipatu dugun moduan, kooperazioak eragiten du, baina kontuan izan behar dugu, geure presentziak ere eragiten duela beraiengan.
Duela oso gutxi izan dute Lehen Munduaren berri, pixkanaka beraienera ere iristen ari diren komunikabideen bidez. Dituzten irudiak ez dira errealak. Futbol talde eta hauen jokalariez gain, Beyonce, Shakira eta Britney Spears ezagutzen dituzte. Ahalguztidunak gara euren begitan. Saltzen zaienaren arabera, geurea baita aurrera egin ahal izateko eredua eta bertan zoragarria baita dena.
Ezin dute sinistu, gure gizartean badirela behartsuak, arazo sozial larriak daudela eta jendea, ez dela zoriontsu. Euren begitan geure aberastasuna mugagabea da, izan ere, munduaren ertz batetik bestera bidaiatzen duen jendea ezagutzen dute, beraietako asko, kotxez ordubeteko bidaia besterik ez den Makelle-ra (Tigray-ko hiriburua) inoiz iritsiko ez direnean. Inork ez die inoiz kontatu lapurretak egon ohi direla “dena” dutenen gizarteetan, kaleak ez direla seguruak eta gauza gehiago izateak, hauek galtzeko beldurra eragiten duela, mesfidantza eta inbidia.
Badela bakarrik sentitzen den jendea, beraienean pentsa ezinezko egoera.




