Artxiboa Abendua, 2007

Urte berria iristear zegoenean

Etiopian baino hiruzpalau hilabete geroago, urtea amaitzear dago. Duela pare  bat aste, sarrera batean aipatu genuen bezala, Etiopian 2000.urtean sartu ziren, haiek zioten bezala “Milenium”ean. Izugarria izan zen egun horretan- gure egutegiko Irailaren 11ean- egindako festa. Gure itzulera data zela eta ezin izan genuen honetaz gozatu, baina bai honetarako egindako prestaketa guztiez. Bi hilabete baino gehiago zeramatzaten egun hura prestatzen. Guk igarotako bi hilabeteetan zehar edonon ikus zitezkeen “Milenium” hitza zeramaten objektuak: nikiak, etab. baita Wukro herrian ere. Diru asko ez duten arren, herriko haurrek poz-pozik jantzita zeramatzaten kamiseta horiek.
Wukroko neska bat “Milenium”nikiarekin.

Milenium-a baina astebete lehenago ordea, Adis Abeban aurkitzen ginen biok. Etiopia zeharkatuz egindako bidaia eta gero bertan lo egin behar genuen, hurrengo egun osoa hiria bisitatuz pasa eta gau aldean Frankfurterako hegazkina hartuko genuelarik.

Etiopiako kapitalean igaro genuen eguna lehenago Afrikako hiriburu kontsideratzen zen hiri hau bisitatzeko aprobetxatu genuen. Han ibili ginen hirian gora eta behera, “Merkato”, dendak eta kafetegiak kuxkuxeatzen. Ez genuen ez etxera itzuli nahi bertako giroa ikusirik!!!


Biak Adis Abebako estadioan.

 Bagenekien festak, kontzertuak etab. egongo zirela. Gezurra badirudi ere Michael Jacksonen familiarren bat, Beyonce, Shakira,edo estilo honetako lehen munduko hainbat izen entzutetsu izan behar ziren festaren erdigunean gu egon eta astebetera. Baina sorpresa handiena estadio ondoko eserleku batean biak deskantsatzen geundela iritsitako “batukada” modukoa izan zen. Haien artean zangoekin zebiltzan pare bat etiopiar dantzan eta atzetik hainbat hiritar zeuden musikaren doinuak jarraituz. Gu zutitu eta hori ikustera joan ginen, eta hara non topatu genuen txaranga moduko bat danbor, instrumentu eta dantzan zebiltzan neskatxo batzuez osatua.
Zangodunak eta etiopiarrak desfilean dantzan.
Nola izango genuen ba etxera joateko gogoa? Bertan geratu nahi genuen, haientzat hain garrantzitsua zen egun hura ospatzeko, gu bi hilabetetan bete gintuzten lagunekin batera. Gaur ordea, gure familiakoekin ospatzearekin konformatu beharko gara, eta ezin kexatu noski! Baina hala ere, gure lagun etiopiarrei hemendik zera esan nahi diegu: Urte Berri on!

Iruzkinak

Eskailera mekanikoak

Addis Abebako nazioarteko aireportuak ez du bestelako bereizgarririk.

Aireportuak berak bai ordea. Izan ere, bi zatitan banatzen da, hitzak ondo adierazten duen moduan, hesi eta zaintza eta guzti. Zatietako bat nazioarteko hegaldiak daudenekoa da; bestea berriz, “Ethiopian Airlains” konpainia bakarrak nazioan barrena egiten dituen hegaldientzat.

Bien arteko aldea itzela da: hegazkinen tamaina, hegazkinak tratatzeko modua, aireportuaren itxura, honen zainketa, zerbitzuak… metro gutxitan banatzen dira hirugarren mundua eta lehenengoa.

Addisen eguna igaro ostean, Wukrora bidean gindoazela, aireportu “txikian” ezer aurkitu ez genuenez, aurreko egunean iritsitakora joateko saiakera egin genuenean jabetu ginen gu banaketaz.

Hesia igarotzen utzi zigun bertako militarrak pasportea erakutsi ostean, ziurrenik, zuriak izate hutsagatik. Aireportura sartzeko saiakeran berriz, aireportura sartzeko ordaindu egin behar zela adierazi ziguten. Lehenago aipatu bezala aireportu honek ez du nik ezagutzen ditudan gainerakoekin inolako alderik, bai ordea Etiopian aurki daitezken inguruekin.

Aurrerago kontatu zigutenez, aireportu handian eskailera mekanikoak jarri zituztenean, hiritarren denbora pasa eskaileretan gora eta behera ibiltzea bilakatu zen. Hori dela eta, aireportua hiritarrez betea egon ez zedin, sarrera ordainarazten dute ordundik.

Bilboko metroko eskaileretan barrena nabilenean gogoratzen naiz beti pasarte honetaz. Eta udan ezagutu ditudan horiek guztiak, Addisera ere behin ere joango ez direnak, eskailera horietan barrena sentituko luketena imaginatzen jartzen naiz…

Iruzkinak (1)

Grabaketak

Ilusio handienez egin behar genuen lana zen kamarena. Hara iritsi orduko hasi ziren ordea arazoak.  

Lehenbizi errespetua: beraiek grabatuak izatearekiko zein jarrera hartuko zuten ez jakitearen ondorio.  

Ondoren laguntza falta: inorrek ezer esango baligu ulertu ahal izateko norbait, nun eta zer den interesgarria bideratuko zuen norbait, ezagunen bat grabatzera gonbidatuko gintuen norbait…

Azken honetara gehiago ez itxarotea erabakitakoan: bi tripode apurtzea.  

Teknika berrien bilakera jarraian: izan ere, ez zen posible kama atera eta naturaltasunez  ezer grabatzea. Haur eta gazte guztiak inguratu eta bultzaka hasten ez zirenean kamararen parean jartzen ziren beraiek noiz grabatu itsaroten; besterik gabe, zutik eta kamarari begira.

 

Teknika berrien sorrera aipatzean, grabaketak egin ahal izateko egin beharrekoak azaldu nahi nituen. Izan ere, biok batera joaten ginen grabatzera, bata bideo kamararekin eta argazki kamararekin bestea. Bideoa grabatzen genuen bitartean, batek argazkiak atera eta nola geratu ziren erakusten zien ingurukoei, hauen atentzioa bereganatuz, besteak lana ondo egin zezan.  

Behin edo behin egin beharreko anekdota dirudi hemen, baina ezin imagina dezakezue argazki kamara digitalak zenbataerainoko iraultza diren Wukron.  

Azken arazoa, betikoa: denbora falta.

Larunbatean aztertuko ditugu lortutakoak adituekin, zerbait egiteko adina material badugula uste dugu guk. Perezarekin jarraitzen dugun bitartean bideoak montatzeko, hemen idazten jarraituko dugu.

Iruzkinak

Ohitura batzuk

Ohiturak ez dira folklore edo anekdota hutsak, eguneroko bizitzaren parte dira. Nork bere baldintzapen kulturaren araberako bizitza du, Wukro Donosti-Tolosa artean, argi ikusten da hori.

Kalean mutillak elkarri eskua emanda ibiltzen konturatu ginen, zergaitik arritzen gintuen? Homosexualitatearen berri badute, baina ez dute onartzen, hala ere, mutillen arteko arremanak ez dira hemengoak bezalakoak. Pixka bat pentsatzen hasita, guztiz kulturala da, txorakeria handia.

Beren arteko arremanak geureak baina gertuagokoak dira. Agurtzean ikus daiteke hori esaterako, sorbalda sorbaldaz joaz egiten diote elkarri agur, gutxienez hiru aldiz ikutzen dira; laguna bada gehiagotan, guretzat duen garrantziaren arabera. Kopuru aldaketa hau muxuetan ere ematen da, askotan, zenbat muxu eman jakin gabe edo amaitzen ez ziren agurrak sortuaz. Hemen autobusean eskua nahi gabe ikutzea gaizki iruditzen zaigu, bertan ezezagunei eskua ematen zaie.

Beste adibide berezi bat janaria ahora ematearena da. Askotan agertu den Enyera delakoa lagunari ahora sartzea keinu maitakorra da. Guk enpatsatuak bukatzen genuen ohitura hau dela eta. Egia esan, baditugu hainbat anekdota barregarri honekin…

 

Baina ez da gertutasuna azaltzeko moduan oinarritzen kultura. Urtebetzeak adibidez, lehenengo 2-3 urteetan ospatzen dira, ondoren ez. Hemen ordea 19.arekin ere festa egin gabe ez gaude gustora…

Iruzkinak

Egutegia

Behin eta berriro errepikatzen dut nik Etiopia beste mundu bat zela; eta kokapenean ez ezik, denboran ere egin genuen bidaia.

Ordutegiaren ezberdintasuna 3 ordukoa zen. Hemen 7rak direnean, 10ak dira han. Baina beraiek orduak kontatzeko beren modua dute eta eguna hastearekin batera hasten dira orduak kontatzen, guretzat goizeko seirak direnean. Gure 10ak berentzat 4rak dira beraz.

Gainera, orduak ez dituzte guk bezala betetzen. Eguzkiaren ordu guztiak aprobetxatzeko asmoz, 7retan gosaltzen genuen guk eta hemen goiz badirudi ere, Wukron lehenagotik egoten ziren haurrak kalean jolasean. Bazkaria beraz 12ak aldera izaten zen eta afaria 19:00retan. Zoragarria zen guretzat lehenengo egunetan, ia egun osoa igaro ostean erlojua begiratu eta “oraindik” 6rak zirela ikustea. Hemen askotan eskatzen ditugun 48 orduko egunak ziruditen!! Gero ohitu ginen 6rak “berandu” kontsideratzera. (Azken hauek guztiak gure ordutegiaren arabera).

Baina nahastea ez da horretara mugatzen. Etiopiarrak inperio garrantzitsua izan zuten garai batean, meseta gainean bizi dira eta ez dute euren burua afrikar sentitzen. Inoiz kolonizatuak ez izana gogoratzen dute behin eta berriz eta munduaren lurralde ahaztu honetan, egutegi propioa dute.

13 hilabetez osatutako urteak dira beraienak. Hauetako 12k 30 egun dituzte eta 13.ak 12-13 egun inguru, urtearen arabera. Irailaren 11ean ospatzen dute urte berria eta aurtengoan, 2000. urtean sartu dira.

1999ko ez genekien ziur zein hilabete eta zein egunetan egon ginen beraz. Hilabeteak eta astegunak ingelesez erakusteko gure saiakerak ez zuen zentzu handirik izan. Gure penarik handiena, milenio aldaketan bertan ez egon izana da… telebistatik ikusi behar izan genuen labur, bi hilabetetan zehar behin eta berriz amestutako festa.

Iruzkinak

Abyssinia

Bartzelona. Gràcia auzoa. Torrent de les Flors 55.

Etorkizuneko eginbeharra izango denari eutsiz publizitate pixka bat egingo dugu gaurkoan.

Lehenago ere hitz egin dugu enyerari buruz. Argazkietan imagina dezakegu izan ohi duen itxura. Baina beste edozein jakirekin egiten den bezala, dastatzea hoberena.

Guk dakigula, lehenago aipatutakoa da Iberiar penintsulan aurki daitekeen Etiopiako jatetxe bakarra. Gomendioa ez da bestelakoa, bertakoarekin alderatu ondorengoa baizik. Zerbitzua ezinhobea eta dekorazioa oso bertakoa.

Etiopian ezagututako lagunekin elkartzeko eta orduko istorioak gogoratzeko aukera izan dugu. Ez du zertan honek izan behar denon patua… besterik gabe; bertan izan ondoren beraiek publizitaterik egin ez dutela jakin dugunez, gure esku dagoena egin nahi izan dugu txoko honi buruz jakin dadin.

 Ez da gure iritzi hutsa, Etiopian izan gabe asteburu honetan lehenengo aldiz dastatu dutenei ere gustatu zaie. Bartzelona aldera bazoazte, ANIMATU beraz.

;D

Iruzkinak

Bideoa

Hona hemen klaseko lan baterako Wukroren inguruko bideo bat:

 http://es.youtube.com/watch?v=z2oQIJzRX7Q

Iruzkinak

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5