Bueltako bidaia
Iraila hasieran itzuli ginen. Grabatutako bideoak eta ateratako argazkiak behar den bezala jaso gabe ditugu oraindik, baina aste honetan hasi gara blogaz gain zerbait gehiago egiten.
Ostiralean Tolosako Atsedena Taldean izan ginen argazkiak erakusten eta gure esperientziaren inguruan hitz egiten. Larunbatean afaria izan genuen aurten Wukron izan garen sei lagunok. Lehenago ere ezagutzen bagina ere, norberak berak bizitakoa azaltzeko eta proiektu berrien inguruan hitz egiteko balio izan zuen.
Horrelakoetan, eta batez ere bertan izan direnei kontatzen diegunean, gure bueltako bidaiak harritzen ditu gehien.
Uztaila hasera hartan, Bilbotik irten ginen, Alemanian eskala egin eta egunean bertan Addis Abebara, hiriburura, heldu giñen. Bertan pasa genuen gaua eta hurrengo egunean Makellera hegazkina hartu.
Erabakita zegoenaren arabera, bueltako bidaia bide beretik egingo genuen bi hilabete beranduago. Ez dakit zergaitik ezta nola ere, baina niri bidaiatzeko gogoa sartu zitzaidan bertan ginela. Etiopian egotearekin nahikoa ez eta Makelle-Addis Abeba autobusez egin behar genuela okurritu zitzaidan. Leire konbentzitu eta hala egin genuen. Hegazkinez ordubete eskaseko bidaia bi eguneko abentura bihurtu genuen asfaltatu gabeko errepideetatik. Gurekin batera beste tolosar bat; bertan ezagutu genuen eta Addisera zioan Maite.
Horreraino azaltzea dagoena, gainerakoa ikusi eta bizi egin behar da. Adibide hutsak dira bidaian autobusa errepide bazterrean geratu eta nola komonak ezean baso erdira bidaltzen gintuzten mutilak alde batera eta neskak bestera; nola beste autobus bat jaso behar izan genuen eta bidaiari kopuru bikoitzak bidaiatu genuen; atzerapena 3-4 ordukoa izan zela; tartean gaua pasatzeko hotelak ez zuela argirik, ez urik geletan, bertako komonetara ezin zela gerturatu ere egin usaiagatik, hirurok ohe berean lo egin behar izan genuela eta gainera, logela hartzeko korrika eta bultzaka ibili behar zela.
Jendea ahozabalik geratzen da, baina gu ez gara damu!

















