Artxiboa Urria, 2007

Umezurtzak

Ez dut nire inguruan umezurtzik ezagutzen, ez behintzat nire auzora mugatzen banaiz. Hala ere, ez dut uste inoiz lehen mundukorik ezagutu dudanik, badaudela dakidan arren. Aurten aldiz, nire auzoaren hedadurara iritsi ere egiten ez den herri batera joan eta milaka umezurtzekin egin dut topo.Joan baino lehenago banekien haur hauekin egongo nintzela, izan ere, umezurtzen proiektura gindoazen.

 Umezurtzak gainontzeko umeak bezala dira, akaso eskarmentu handiagokoak:5 urte dituen haurrak bere bi urteko anaia zainduko du, eta 11 urteko mutiko ala neskak izango du etxe osoaren ardura. 

Baina gehien harritu ninduena ez zen zeukaten fundamentu hori izan, haiek umezurtz zirela esateko erraztasuna eta naturaltasuna baizik. Hau da, beraiek esan egiten zizuten, “I am an orphan, I am an orphan!!!”, eta jada hain ohituak zauden, ez baitzuten arrarotzat hartzen, normaltzat baizik.Bazekiten ordea lehen munduan gehiengoak gurasoak genituela: aita eta ama. Behin, gurekin egon zen kooperante  bati hau galdetu zioten:        

    -What is your father’s name?-eta neskak erantzun:           

  -Carlos. ( Ez zen izen hori izan esan zuena, baina izenak ez du garrantzia momentu honetan)         

    -And your mother’s name?          

     -She died four years ago. (Duela lau urte hil zen). She was ill. (Gaixo zegoen). 

Haurren harridura eta kontsolamendu aurpegia ikustekoa izan zen, izan ere, lehenago esan duda bezala, lehen munduan gurasoak hiltzen ez direla uste dute.

Wukroko umezurtz batzuk.

Iruzkinak

AbbaMelaku

Jadanik esan dugu klaseak ematera eta bidioak grabatzera joan garela Etiopiara. Eskertu ditugu bidai hau posible egin dutenak eta hasiak gara bertako egoera azaltzen. Dena dela, bada Angel aipatzeko garaia.  Angel Olaran izango litzake “nolatan joan zarete?” galderaren erantzuna. Hori baina gehiago ere bai ziurrenik. 69 urteko hernaniar hau, Afrikako Misiolaria da, “Padre Blanco” delakoa. Tantzanian 20 urte igaro ondoren, Etiopia iparraldeko herriska honetan, Wukron dago gaur egun.  

Berak hasi zituen gaur egun Saint Maryko misiolari guztien artean daramatzaten proiektu guztiak. Horien artean, gure ahotik aipatuena, 1600 umezurtzei laguntza, baina honez gain, goi-mailako eskola bat sortu, inguruko basoak birlandu, hospitaleko higienearen ardura hartu, mikrokreditoak eskaini, kaleko mutilei (streetboys delakoei) lagundu, ura bilatu eta eskuragarri izan dadin zuloak egin, IHESA duten emakumeei eta euren familiei lagundu, ikasle behartsuenei bultzada bat eman eta eskualde osoko beste hainbat proiektutan laguntzen du.  Ikaragarria da Angelen gauzak egiteko gogoa; egun osoa igarotzen du batetik bestera geratu ere egin gabe. Herrian pertsonaia ezagun eta garrantzitsua da; izugarrizko errespetua diote, baina bera, aldi berean, oso hurbilekoa da. Bizilagun eta haur guztien izenak eta istorioak dakizki buruz, edozeinek arazoren bat duen bakoitzean, bera da iristen lehena eta ez du inoiz inor albo batera uzten. Irrifarrea ahoan eta haurrekin jolasten ibiltzeko astia. Bere loari kentzen dio, besteekin egoteko behar duen denbora.  Herriko ekitaldi guztietan berak izaten du hitza. Wukroko gazteek badute eredu beregan!

Iruzkinak

HIESA

HIESA Letishek HIESA du. Urtebete igaro da Letishen ama seropositiboa zela jakin zenetik, eta baita bere alaba Letishen gaixotasunaren berri jaso zutenetik.  Ama depresioan sartu eta ordundik ez dio Letishi jaramon handirik egin. Egoerak berdin jarraitzen du. Izan ere, Afrikan HIESA duenak ez du luze iraungo.

Letish anai-arrebek hezitzen dute, probetxuzko biziraupena izango dutenek. Ahizpa zaharragoa du Letishek: Nigisti, 7 urte inguru dituen neskatila. Bi anaia zaharragoek aldiz, 10-12 urte inguru dituzte. Letish zaintzen dute, eskolara eramanez edo kaleko harriek oinetan min egin diezaiotenaz arduratuz. Izan ere, Letishek ez ditu bere anai-arrebek dituzten oinetakoak.

          

1.ARGAZKIA: Letsih eta bere anaia (bietan gazteena).Bere anaiak bizkarrean eramaten du. atzekaldean, bere etxea.

2.ARGAZKIA: Letishen familia. Ezkerrean bere anaia zaharrena, ondoren lehen argazkikoa, gero, bere ama, eta azkenik bere ahizpa.

2007.urtea da guretzat, 2000.a Etiopiarrentzat. Urteak dira lehen mundukoek ihesaren existentziaren berri dugunetik. Aspaldidanik dakigu milaka eta milaka pertsona hiltzen direla Afrikan ihesaz. Baina Etiopian  mende honetan hasi dira ihesaz hiltzen. Lehenago, ez zuten ihesa ikusten, honek zekartzan ondorioak baizik. Hau da, ez ziren ihesaz hiltzen, honek heriotza zekarren unean sentitzen zuten buruko min edo gripeaz baizik.  

Orain iritsi dira Etiopiara eta baita Afrikako beste hainbat herrialdeetara ihesaren prebentziorako edo heriotza-eguna urruntzeko neurriak. Orain hasi dira bertakoak egoeraz ohartzen.  Burukomina ihes bilakatu da, baina heriotzek berdin jarraitzen dute. 

 

Iruzkinak

Enyera

Duela hilabete eta erdi itzuli bagina ere, burua askotan joaten zait Wukrora. Atzo, lanean entzundako komentario batek, gaur honi buruz idaztera bultzatu dit adibidez. Pixkanaka bertako egoera azaltzeko edo… Bazkaltzeko bi egunetan jarraian makarroiak jan zituelako kexatzen ari zen neska bat. Pixuan gaudenetik, menua buruhauste bat da guretzat ere: merka, baina aberatsa eta ekilibratua… mirariak egin nahian gabiltza!! Etiopian biziko bagina ez genuke halako arazorik izango:  

Gosaltzeko, bazkaltzeko, afaltzeko, hamaiketako modura eta kafearekin: ENYERA. Ez zuten besterik jaten gure neska-mutilek. Astegunetan eta asteburuetan. Kurtsoan zehar nahiz oporretan: udaberri, uda, udazken eta neguan. Egun berezi, ospakizun nahiz egun arruntetan.  

Eta hala ere, ez zuten aurpegi txarrik jartzen jateko orduan. Ez zioten inoiz ezetz esaten enyera jateko aukerari. Gure inguruan ez genuen inor gosez hiltzen ikusi, baina egia da ez zirela enyeraz betetzera iristen. Anai-arreba zaharrenek gazteenei ematen zien jateko aukera lehendabizi eta noizbait, otorduren bat egin gabe ere geratzen ziren.  

Enyera delako hau talo handi baten antzekoa da. Kolore beixa hoberenak eta gero eta ilunagoa merkeagoa den neurrian. Zaporez mikatza eta plater bakar batean jaten da. Gainean, egunaren arabera, berdurak, SHIRO izeneko garbantzu pure antzeko bat eta egun oso berezietan haragia jartzen diote. Eskuineko eskuarekin zati bat hautsi eta saltsan busti ondoren ahora.  

Honetaz gain, palomitak eta ogia ere egiten dituzte, baina beren elikadura osoa enyeran oinarritzen da. Bost urte beteko dituen nire lehengusuari hau kontatuta ondorengo zalantza sortu zitzaion:  

- Eta ez bazaie gustatzen? 

Iruzkinak

Magia, magoak edo besterik gabe, heroiak

Magoak, Prestakuntzarik ez duen gizakia, lan jardun profesionalerako inolako iniziatibarik jasotzen ez duena; gainera, argiztapen eta aireztatze kaxkarra duen txabola batean bizi da eta ez du inolako dendarik etxe inguruan; bost- hamar kilometro egin behar ditu oinez egunero eskolara joateko, bai goizez eta baita arratsaldez ere ; soldata? astebeteko gosea justu-justu asetzeko adina, askotan atzerapenarekin jasotzen duena; noski, ez du altzairu edo jantzirik erosteko ahalmena… 

Honakoak  ikasleaz zer espero du? 

Esterila erdi hautsi baten gainean lo egin du, hotzaren sarrera ahalbidetzen duten zuloz beteriko txabola batean, behar haina jan gabe, etxeko lanak egin ditu…. Eta goizean bost –hamar km “erdi-oinetako” –ekin ibili ditu. Irakurri, idatzi eta zenbatzen ikasiko duelako itxaropena edukiko du? Eta guk, edukiko dugu?  

Gerizpean, Lurrean eserita, 70 haur dituzten taldeetan, Ez klariona ,ez irakasteko baliabiderik,Ez liburu, ez koaderno, Ez boligrafo, ez arkatz… Batzuentzat magia izango da, erlijiosoentzat aldiz, miraria.  Heroismoa herritarrentzat, ezerezetik abiatuz ezagupenak eta ahalmenak garatu baditu.

Hauek dira herrialde bakoitzaren heroiak. Ez dira ez gerrako heroiak,  Beraien arma bakarrak umeenganako maitasuna eta mundu hobe bat lortzeko boluntariotza  dira.  

Bakearen heroiak dira;   Bakearen heroi anonimoak

(”Afrika Nos Mira”rako gurekin kooperatzen ibili zen neska katalan batek idatzia)

                                           

 

Iruzkinak (2)

Ikasleak baino, lagunak

Arratsaldeak hiruak aldera hasten ziren. “My name is…” bezalako esaldiak luza zitzaten asmotan ingeles pixka bat irakasteko saiakera egiten genuen. Lehenik, 8-11 urte inguru zituzten neska-mutilak izaten ziren gure ikasleak. Haien ingeles maila oso altua ez zela esan zigutenez, irakasgai sinpleetan pentsatu genuen lehenengoz,hau da, denok txikiak garenean ikasten ditugun gauza horietan: koloreak, zenbakiak, goikalde-behekalde-ezkerra-eskubi, etab. Hala ere,kontuan izan behar genuen ezin genuela arlo guztietara jo. Adibidez, zertarako irakatsi zer den elurra?Ez dute inoiz beren herrialdean ikusi, ezta ikusiko ere. Nola esan familia bat aitak,amak, anai-arrebek eta horrez gain aiton-amonek, izeba-osabek, lehengusu-lehengusinek osatzen dutela? Are gehiago, hauek guztiek osatzen dutela? Haien familiak ez dira ezta aita edukitzera iristen.Beraz, kontu pixkatez, lehen egunean koloreak irakasten hasi ginen: gorria, berdea, beltza, horia, urdina,etab. Teorikoki koloreak azaldu eta berehala jo genuen jokuak egitera: ” what´s the color of the tomato?” … baina klaseko hamar ikasleen artean batek bakarrik erantzuten zuen. Ondoren tomatea azaltzen zen orria erakusten genien, non “tomato” jartzen zuen. Baina ezer ez. Noski, ez zekiten eta irakurtzen!!!! Bi aste igaro genituen koloreekin gora eta behera. Batzuek ikasi zituzten, baina oso gutxi ziren hauek. Beste askok koloreren bat esaten zuten, halako batean asmatuko zutelakoan. Gehiengoek ez zekiten ez irakurtzen, ez idazten eta ezta ikasten ere ez.Beraz, ingeles klaseak kaligrafia klase bihurtu ziren.”A: circle and tail”,etab. Hala ere ez ziren konturatzen “A” bat nola egiten zen irakastea zela gure helburua, haientzako arbelean idazten genuena marrazki bat bailitzan kopiatzea zen eskatzen geniena. Azkenean, kantu bat edo beste irakatsi, eta ikasi zuten “A-Z” ingelesez esaten, baita letra batzuk idazten ere.


Gazteenekin amaitzean, ordubeteko deskantsua genuen 14-18 urtekoei ingelesa irakastera joateko ordua arte. Zerbait meriendatu eta 17.00etan, klaserantz abiatzen ginen. 14 bat ikasle genituen, gehiengoak neskak. Ikasgeletara iristen geundela  ikusi bezain laster etortzen ziren gugana korrika, besarkatu eta “Marti, leira Shukorina” esatera- Shukorinak polita esan nahi du, atzerritarroi behin eta berriz esaten zigutena-. Beraiekin “present Simple”, eta honako gauzak ikasten genituen. Baita astean behin kantak abestu ere. Batzuk besteek baino hobeto egin arren, hauek ondo ikasten zuten.Klasera berandu iritsiz gero, atea jo eta guk hau ireki orduko belauneko aurkitzen genituen, barkamena eskatzen eta klasera sartzen uzteko erregutzen. Ez dakigu ea beraien ikastetxetan ikasitako kontu bat zen edo Etiopian bertan egin ohi dena. Hala ere, batzuk ohartu ziren ez zutela halakorik egin behar klasera sartzen utz geniezaien.  

Izan ere, bai gaztetxoak eta baita zaharragoa ere, gure ikasleak ziren; baina ez zen horretan geratzen kontua,  bi hilabete ahaztezin sortu zituzten lagunak izan ziren eta.

Zaharragoen taldearekin azkeneko egunean ateratako argazkia. Saint Mary misioko zentru bat atzean.

Iruzkinak

Wukro txikia?

Etiopia iparraldeko herri “txiki” batean izan garela esaten dugu.  

Ez Tolosak, ezta Antiguok ez ditu 40000 biztanle Wukrok dituen bezala.  

Ez da herrian mugimendua falta zelako, ezta eremu txikia hartzen zuelako ere. Inguruko herriek ez bezala, medikua zegoen bertan eta kaleak haurrez beteak zeuden beti, baita goizean goiz jaikitzen ginenean ere, mendira joateko asmoz. Kale nagusia asfaltatua zegoen eta bertako dendetan, ez dut edozer esango, baina eskualdeko hiriburuan, Makelle-n, adina gauza aurki zitekeen. Merkatua ofizialki ostegunetan izaten bazen ere, bertan baziren egunero-egunero eta edozein ordutan irekiak zeuden hainbat postu. Tabernek eta denda txikiek ez zuten ordutegirik. Eta ibaiak gu bertan izan ginen bi hilabeteetan ur asko zekarren.  

Ez dakit benetan zen txikia ala txikia ikusten genuen.  

Ez zen zinema, zentro komertzial, haurrentzako parkeak eta kultura ekitaldiak falta direlako, parkeak eta deskantsatzeko lekuak zer diren ere ez dakitelako eta erakundeak zertarako balio dezaketen ez dakitenez, talde mugimendurik ez dagoelako. Agian, beraientzat etxeak eta guretzat logelak diren eremu txiki horietan imajina dezakeguna baina jende gehiago bizi daitekeelako da edo kale guztiak berdinak direlako, nagusia izan ezik, eta gizonezko eta haurrak beste zereginik gabe joan-etorrian ikusten direlako egun osoan zehar.  

Gure irudipena, oraindik hainbat herri txikietan bezala denek agurtzen gintuztelako izan daiteke edo bi hilabeteren ostean bizilagun guztien berri genuelako eta haur eta gazte guztiek gure izenez deitzen gintuztelako.  

Dena den, herriak txikia zirudien.

 

Iruzkinak

“My name is”

7:15etan gosaltzen zen misioan.

lehen egunean aldiz iratzargailuak ez zuen bere helburua bete, ez baikinen jaiki. Logela berean egiten genuen lo biok. Gelatik atera eta berehala inoiz ikusi ez genituen 20bat ume hurbildu zitzaizkigun korrika. “What´s your name?, What´s your name?” galdetzen ziguten behin eta berriz denek. ”My name is Nigisti”, “My name is Nuredin”, “My name is Kindihafty”, “My name is Ameniel”, “My name is Salomin”, etab. ziren beraien erantzunak. Antzezlan bat egiten bazeuden bezalan ikasi zituzten bi esaldi horiek, hoien bidez zuriekin komunika zitezkeela baitzekiten. Askok besarkatu eta guzti egiten ziguten, gero eskutik heldu eta beraiekin goizero egiten genituen lanak egitera joateko gonbitea luzatzen ziguten.

Beraz, harriak kale erditik kentzera eta bazterretara eramatera joan ginen, harresitxo bat egiteko asmotan. Asko gustatzen zitzaien guk beraiei harriak ematea, besterik gabe gu baikinen ematen genizkienak. “Give me another; another!!!” esaten ziguten, guk batzuetan ezezkoa esatera heltzen ginen arte. Batzuek hala ere temati jarraitzen zuten: “Give me more!!!”….Sekulako pisuak altxatzen zituzten.

 Ondoren jolasen ordua iritsi eta baloiarekin jolastera edo besterik gabe kantatzera joaten ginen. Denek nahi zuten gure ondoan eseri eta erakutsi gure kanta ikasi zutela: “kungalala-kungalala-kungalalarisa”. Poz-pozik ikusten zitzaien, gu biok are alaiago geuden bitartean.

 Eguerdia iritsi eta beraiek beraien etxera joatera edo kalean geratzera behartzen genituen, misiora ezin baizezaketen sartu arratsaldeko bostak arte. Bazeuden etxera joaten zirenak, baina askok misioko atean itxoiten zuten  berriz azalduko ginelakoan. Orduak pasatzen zituzten bertan.

Misioko atetik pasa eta aho batez errepikatuko zuten: “Marti, Leira- Marti, Leira!!!!!!!”….

 Halakoxeak ziren gure goizak,

Iruzkinak

Iruzkinak

Eskerrak

Inor eskertzen hasita milaka esker eman genitzazke. Eskerrak bidaia posible egiteagatik, eskerrak bidelagun izateagatik, eskerrak bidaia ezin hobeto joan izanagatik…

Aipatzen hasita ere milaka pertsonaia aipa genitzazke. Urrunagotik edo gertuagotik ezagutu eta topatu ditugun milaka pertsonai.

Baina bada bat, aipatu beharreko pertsonaia bat, eskerrak behar bezala eman ote dizkiodan duda egiten dudana. Bere izena Imanol Apalategi da, abentura guzti honen errudun neurri handi batean.

Imanolen berri kasualitate hutsez izan genuen, interneten bidaiatzeko moduren bat bilatzeaz nazkatuak eta udara honetan zerbait egiteko gogoz ginela, gure itxaropena, urrunen Errioxara joatea zenean. Imanolek Wukrotaz hitz egiteaz gain, bertara joateko aukera eman zigun, bertan edukitzeko zeregin bat bilatu, bertara nola joan azaldu, gurasoak konbentzitzen lagundu, bertan aurkituko genuenaz mila azalpen eman eta itxaron  behar genuenaz hitz egin.

Bidaia berezi izatearen arrazoietako bat, lehenengo momentutik izan dugun laguntasun tratuagatik izan da, gertukoak sentitu ditugulako denak momentu oro. Imanolek berak konfidantza guztiaz tratatu gaitu lehenengo momentutik, eta konfiantzazko bihurtu gaitu gainerakoentzat.

Eskerrik beroenak beraz, Medicus Mundi, Jangela Solidaria eta Imanoli. Gure aukeragatik eta Wukron egiten ari zareten lanagatik.

Iruzkinak

« Aurreko orrialdea

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5